XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ADABAKIAK

Biak dituk eratorriak. Beraz, hik diokan castiza palabra txartel horren jatortasuna norainokoa den ere zalantzagarria duk.

Ez diat ezer esango nere zorionak dira esakuntzaz, haurrekin burubat ez egiteko.

Euskara batua ere euskalkietatik hornitzen dela ez badakik, ez diat ezer esango gazna, eskualduna eta erran hitzagatik.

Baina ez uste hiru hitzok mugazandik bakarrik erabiltzen direnik.

Udara, ohi bezala, Hondarribian igarotzean on izango zaik Bortsirietatik Baztan aldera bidaiaren bat egitea.

Laguntzeko prest naukak, heuk entzun ditzan gazna zein erran

Oroi Bortsiriak direla eta ez Bostiriak.

Kulturan eta hizkuntzaren jakintzan denok dizkiagu gure mugak eta gure hutsuneak.

Inork ez zekiagu denetik. Horregatik, ez uste izan norberarena dela euskararik hoberena.

Euskaltzaindiak, batuarekin, hizkuntza idatziaren estandard bat eskaitzen dik, baina lekuan lekuko hizkerarik ez dik ukatzen.

Euskalki guziak dituk ikergai eta aldi berean batuaren iturri.

Herriaren hizkuntza biziak gauza asko dik oraindik batasunarako erakargarri.

Eta gorago joan nahi duenak, estandard edo arau horretan oinarriturik, zenbait era jator eta esaldi erabili ezinik ez dik, berak hala uste badik.

Akademikoek uste izan zutela H sartzeaz Bidasoa harandikoengana hurbiltzen zirela? Ez duk hori egia osoa, bestela Enrike Zubiri Manezaundi luzaidearra irakur.

Hark beharrezkotzat zian bere herrian H hori ahoskatzen zutelako.

Eta, zer esan Erronkarierazko kemen, kura, kori, edo Saraitzuko geben, gura, gori eta abarregatik?

Zer dela uste duk Plaentzi (Soraluze) inguruan erabiltzen den bigar?

Euskal Herri honetan arte zaletasuna duen batek nola bazter ditzakek hain gurea zaigun Ospitále-pia, XII. mendeko eliza erromaniko bikain horren izena?

Eta nork uka André Ospital euskal idazleari bere deitura jatorra? Gainera mugazemendiko ostatuak zer direla uste duk? Ez ote hekien erator jatorri bera dutela ostatu eta ospitaleak? Eta Bizkai-Gipuzkoetan non irakurri duk hik ostatua H-rekin? Gainera, ez ote hekien Italian ere ospitale dela?

Handiak esaten hasiezkero, besteok ere ez gaituk motelak.

Gazteleraz, Hospital, Hotel zein Hostal adierazteko, H iragarki hori erabiltzeagatik, istripu larrietan inor eraman ote ditek Hotel edo Hostal-era, Hospital-era eraman beharrean? Hala ere, H, ospitalearentzat internazionala omen. Txinan ere bai?

Hor ba, Hire artikulutxoa irakurtzen duenaren aurrean, ez zekiat nor uzten dukan lotsagarri, euskara batua ala heure burua.

Gainera, zergatik erabiltzen duk, gazteleraz mutua den H hori, eta aldi berean euskarari ukatu?